Agradecimientos 2016-12-06T18:56:22+00:00

ana-carpintero

Bideak egiten du zaren hori, edo zaren horrek eramaten zaitu bidetik? Askotan zion egina galdera bera bere buruari Amelik.

Baina egun batean, kasualitatez edo, irakasle berezi batekin egin zuen topo bere bidean: magikoa zen Ana, Ana Carpintero. Irakasten zuen gauza bakoitzak bazeukalako lekua bere bihotzean eta bihotza zuelako oinarrizko tresna lanean. Haren fantasiaz, hegan egiten ikasi zuen Amelik berari esker.  Gustuko zuen hori deskubritu eta horretan sinesten! Orduantxe hasi zuen bere bidaia.

Bidaia guztiak badute berea, argia eta iluna; eta helmuga inoiz baino argiago bazuen ere, noraezean aurkitu zuen bere burua Amelik hasierako une horietan. Gustuko bai, baita maite ere, baina nola izan zitekeen bat kontalari? Nora jo jakin ezinik zebilen une hartan, bere galaxiako hitzen akrobata ezagunenetako bat ezagutu zuen: Maite Franko, Ameliren gogoan bueltaka ziren ametsak mundu lurtarrera ekarri zituen, ipuinen mundu magikorako ateak irekiaz batera. Ideiak lantzen erakutsi zion, mimoz goxatzen. Aireratzear ziren bere hegoen luma zirela ulertarazi zion, hitz gutxi, baina esateko ezer utzi gabe.

maite-franko

korapilo-arropa-diseinuak

Ingurukoen ahotan hegaldiaren berri hasi zen entzuten; hasia zen, abiatzear zen istorio berriarekiko jakin-mina. Kanpoan abentura berria lau haizetara zabaltzen ari bazen ere, bazuen bere baitan zurrunbilotan aritzeko motibo zen kontraesanik Amelik. Korapilook askatzen ari zen batean, “Korapilo” topatu zuen; bere barreneko korapiloak askatzeko, hariak korapilatzen zituena, zinez pieza ederrak egiten zituena. Oihaletan aurkitzen zuen ilusio hori, Amelik ipuinetan biltzen zuela ikusi, eta bere neurriko soineko bat oparitzea erabaki zuen; korapilo txikienetan ere, soineko lirain baten izaera aurki daitekeela barruan.

Bidean aurrera, banku bat topatu zuen gure protagonistak; hantxe zegoen, albora begiratzean:  Olaia zen, bere bidean denbora luzez Ameliren eskutik ibiliko zen lagun handi bat. Harek ere bazuen bidea nola goxatu: musika zen, bere dohaia. Haren doinuek dantzan jarriko zituzten Ameliren ipuinetako zirrikituak!

olaia-inziarte

lorea

Lanari ekin zioten: herriz herri, errepideko kilometroen gainean ibiltzen zuten kontaketen abentura bizitzeko hasierako ilusio hori; ilusio hori bera zen, geroz eta kilometro gehiago egiteko, gogo gehiago pizteko motibo. Nahi hori gorpuztu beharra zen, noizbait mundu magiko horretan murgildu nahi zuten horiek entzuteko oihartzun bihurtuko bazen. Loretxo bat azaldu zen, orduan, bat-batean, Lorea Atxa. Sekretu bat kontatu zien honek; bazekiela berak nola egin, eta lagunduko ziela, baina horretarako lehenik, egiten ari ziren hori hitzez eta irudiz erakutsi beharko ziotela.

Pentsatzen egon ginen, hitzak bai, baina irudiak? Nondik atera? Nola? Kartelak herritik jartzea erabaki zuten orduan: “Herritar maiteak, zuen laguntza behar dugu; gure argazkirik baldin baduzue, den modukoa izanik ere , gurekin konpartitzea asko eskertuko genuke”.  Egun gutxira, etxeko ateak jo zuen. Kolpe gutxi izan ziren, sendo eta ziurrak, baina. Eta hantxe agertu zen, mendian animalien artean galduta: benetako bizitza bizi eta biziarazteko kapaza den pertsona berezi horietako bat, Iñaki Atxa.
iñaki-atxa

“Arratsaldeon! Aspaldi, menditik barrena zerura begira nire ideietan galduta nenbilela, bi gauza ikusi nituen hegan; gora eta bera, jolasean pozik. Aspaldi ez nuela horrelakorik ikusi, eta horregatik, nire objektibotik begiratu eta ikusten nenbilen hori jasotzea erabaki nuen. Denbora luzean ibili naiz zuen atzetik jarraian, bakarrik batzuetan, aspaldiko nire lagun Josu Intziarterekin bestetan, eta nahi izanez gero hemen dituzue argazkiak”.

Handik gutxira, gutun bat jaso genuen gutunontzian: Alazne Utxalok bidalia zen; harek ere, gure bidea bideo eta iruditan grabatua zuela kontatu zigun. Olaia Anduezaren marrazkiak iritsi zitzaizkigun gero, gure ipuinak ilustratzen aritu zen margolari fina.

alazne-untxalo-olaia-andueza

katrin-haizea

Patxi Irigoien eta Eider Ileapaindegia agertu zen jarraian eta Katrin ondotik, biolina eskuan eta gurekin bidaia egiteko prest.

Haizea Beruete azkenik, zerutik barrena agertzen den izar uso txikia, eta idatzitako lerro bakoitzari argia eman zion, forma.

Orduan konturatu zen Ameli, konturatu ziren Xirrikituen jostunak, jositako bidea, emandako pausuak auzo lanean eginak zirela. Horrek eman zien, proiektuak merezi zuelako ziurtasuna, eta, bidea bera, helmuga txikiz beteta dagoela ulertzeko aukera.  Tipi tapa, bidea eginen dugu, bertan aurkituko ditugun bidaide, harritxo, geldiune, eta bereziki, hau guzti hau bizitzeko aukerak ezinbestean ematen duen bizipozarekin.

Mila esker bidea egiten lagundu diguzuen guztiei, bide zaretenei eta izango direnei.