Behin aitak zera erran zion Bittorri:
-Sekretuak altxor magikoak dira, guztiok ditugu gureak. Ongi aukeratu behar da zein gorde eta zein kanporatu, batzuk mina egin dezaketelako. Behin aukeratuta, zure esku dago norekin eta noiz konpartitu. Zuk duzu magiaren giltza.
Gauero ohe azpiko bere sekretuen kaxa begiratzen zuen Bittorrek, bere altxorrak bertan jarraitzen zuela segurtatzeko. Egunen batean bueltatuko zuela zekien, baina ordura arte, hura zaintzea zen bere ardura. Ondoren ohean sartu eta begiak estu ixten zituen ahalik eta azkarren hasteko ametsetan.
-Bittor ernatu! Gosaltzeko ordua da!-
-Aita, amets zoragarri bat izan dut! Ohe bigunetan egiten genuen lo. Ilusioz kontatu zion aitari, esne katilu beroarekin, eskuak goxatzen zituen bitartean-
-Seme ameslaria ez zaigu atera ba! Kar kar kar-
Goizero hortzak garbitu eta…
Amatxori baserriko lanetan laguntzera joan ohi zen, txundituta begiratzen zion beti. Hain zen azkarra behiak deizten. Hala ere, beti lanak bukatzeko desiratzen egoten zen, bere basoko lagunengana joateko… magikoa zen momentu bakoitza haiekin. Sekretu bat zelako, agian.
Egun hartan ere poltsikoan ogi eta gazta zati bat sartu eta mendira abiatu zen. Lasterka batean erreka ondoko kobazulo txikira hurbildu, eta bertan ikusi zituen bere lagunak ahopeka hitz egiten, lamia ez esnatzeko.
-Zer moduz dago lamia?- xuxurlatu zuen.
-Triste dago Bittor. Triste eta oso nekatua.
Hitz horiek aditzean, hamaikagarren aldiz elkarrizketa hura gogoratu zuen:
-Dena probatu dut, hitz magikoak, sendabelarrak… baina arras gaixorik zaude lamia eta sendatzekotan edabe berezi bat hartu beharko duzu. Horrek sendatu bai, baina ilea eroriaraziko dizu.
-Nire Ile preziatua? Ez egin hau mesedez, zer egingo dut bera gabe? munduan gehien gustatzen zaidana nire ilea orraztatzea dela ongi dakizu, sorgina.
Egun hartan, eguzkia lotara joateko agurtzen zebilela, Lamiaren ile luze eta ederra ere, lamia agurtzen hasi zen.
-Bittor, bueltatu mundura!- erran zion Tartalok bizkarra astindu bitartean-
Lamiari irribarre batzuk atera ondotik, sorginarekin egin zuen etxera bueltan bidearen puska bat.
– Zergatik jarri da horren gaixo lamia?-
– Ikusi zure zapaten azpian ezkutatzen dena, begiratu ingurua. Zikin-zikin dago guztia. Gizakiak ez du natura zaintzen, eta lamia bezala, aunitz bizi gara naturatik; eta natura gaixotzen denean, gu ere gaixotzen gara.
Gau hartan, jira eta buelta lo egin ezinik ibili zen mutila, sorginak errandakoa burutik ezin kendu. Nola zen posible, bere eskolako lagunek, herrikoek… bere basoko lagunei horrelako mina egitea?
Baina bihotz korapilatu horretan zer edo zer nabaritu zuen bat-batean: bere esku zegoen hori aldatzea.
Gau luzeak pasa ziren, egun hotzak, baina egunak joan egunak etorri udaberria ailegatu zen, eta udaberriko lehen kimuek eguzkia agurtu zuten.
Lamia, goizero bezala, aurpegia garbitzera joan zen errekara, eta bat-batean bere islaren buru gainean denbora luzean egon ez ziren iletxo batzuk ikusi zituen.
-Sendatu naiz! – halako indarrez egin zuen garrasi, kimuak lore bihurtu zirela, mendiak kolorez margotuz.
Basoak kolorea berreskuratu zuen, ez ordea lamiak.
-Lamia, zergatik zaude triste?- Galdetu zion Galtzagorrik.
-Sendatu naiz baina.. zerbait falta zaidala sentitzen dut.-
Orduan, Bittorrek bere altxorrarekin orraztatu zuen lamiaren ilea.
– Hau al da falta zaizuna?-
-Nondik atera duzu hori?-
-Sekretua da-
-Ongi da…-
Momentu horretan lamia besarkatu eta zera kontatu zion belarrira:
-Gaixorik zinela, behin negarrak aditu nituen erreka ondotik, hurbiltzean hantxe ikusi zintudan, orraziari oihuka, ez zenuela berriz beharko eta errekara botatzen. Ez ezazu inoiz esperantza galdu, tori, zurea da!
Lamiari malko bat erori zitzaion masailetik beheiti, aurrera jarraitzeko orrazirik behar ez zuela ulertu baitzuen; laguna izango zen haren kidea.
-Mila esker!-
Begia kliskatu eta zera erran zion txikiak:
-Sekretu bat, maite zaitudalako-
Egun hartatik haurrera Bittorrek ez zuen berriz ohe gogorretan lo egin, eta lamia, ile nahasiagoekin, baina zoriontsu bizi izan zen.
Aitari eskainia, emandako besarkada bakoitzagatik, nigan sinisteagatik, zure pazientziagatik, sekretuen benetako balioa erakusteagatik eta beti, beti, beti, hor egoteagatik, nire ondoan. Bihotzez maite datzut Aita.
Marrazkia: Olaia Andueza Ruiz