Ameli jostunaren ipuina

Beti nahi izan zuen jostunak bere ofiziokide izanen zen seme edo alaba bat. Harek eramanen zuen aurrera berak ilusio guztiarekin sortutako dendatxo hura. Baina idazle atera zitzaion bere alaba bakarra.

51 urtez  bere sormen eta ofizioari bere bizitza eskaini ondotik, amaitzear zuen emakume zaharrak bere langile  bizitza, kalera ematen zuten lehiodun dendatxo haren ateak istea erabaki zuenean.  Egun hartan ez zegoen bakarrik, alaba bertan zuen, eta zera erran zion guzti horrek eragiten zion minak bustitako hitzez:

Ez dut ulertzen alaba… idazle? Bizitza guztia hementxe, nirekin, orratz, hari, eta oihal artean… eta zertarako? idazle izateko… ez zaizu deus gelditu irakatsi dizudan horretatik?  

Alabak goxo hartu eta bere lan aulkian esertzen lagundu zuen, bere ondoan esertzen zen bitartean.

Aditu iezadazu ama: aunitz ikasi dut zugandik, egun naizen guztia seguru aski. Patroiak erakutsi zenizkidan behin, zuk bezala, pertsona bakoitzaren gorputzari, arimari zegokiona marrazten. Nik ere patroiak ditut ama, eta neurriak dituzte zureek bezala, izaera momentu eta bizipenen arabera, pertsona baten edo bertze baten neurrira eginak.

Ondoren orratz bat eman zenidan, fina bezain goxoa, irristakorra eta aldi berean trinkoa, zuloduna, eta zorrotza. Hautu bat ikusi nuen nik bertan, erabaki batek izan dezakeen forma hori.

Azkenik, haria eman zenidan, hutsean deus gutxi zena, baina oihal eta  korapilo batzuekin jostun baten interpretazio bihur zitekeena. Eta hori da ama nik egiten dudana, mezu bat hartu, aurrera eramatea erabaki, ilusioa, ametsak eta imajinazioa sartu bertan, eta pixkanaka pixkana hitzak josi, ipuinak sortu.

Momentu hartan, aulkitik zutitu eta  dendatxoko atea behin betiko itxi zuen; buelta eman, eta irribarre egin zion alabari.

*Ipuin hau amari eskaintzen diot, nire barruko magian sinisteagatik, txikitan nire ipuin kontalari pertsonala izateagatik… (Dino munstroaren beldurrak gauero nola irakurtzen zenidan ez dut inoiz ahaztuko) Ohartu gabe ofizioa erakutsi zenidan! Mila esker ama, maite datzut.