Lagun  onak ziren behia eta akerra. Eta lagun onak izateaz gain, bizilagunak ere bai. Baserri berdinean bizi ziren, eta haien zelaiak harresi ttipi batek banatzen bazituen ere, gauero, hamarrak aldera elizako ezkilak jotzen zituzten momentuan, bazekiten haien momentua zela. Eta gauero bezala, elkarren ondoan jarri eta solasean hasten ziren.

-Ai akerra, gaur egun muuundiala izan dut! Hantxe nengoen, bordan, Mirenekin, lan eta lan. Bera nire errapeetatik tira eta tira. Eta bat-batean Josune agertu da. Bai, okinaren alaba. Eta errapeetatik oraindik eta fuerteago egin dit tira. Uste dut maiteminduak daudela!

-Bueeeeno bueno, zuk maitasuna leeeeeeku guztietan ikusten duzu!

-Baietz ba! Egunen batean Josune eta Miren baserrian biziko dira elkarrekin, seguru!

-Bueeeeeno behia, gaueko hamabiak dira dagoeneko.

-Ai akerra, zeinen gustura egoten naizen beti zurekin… Aunitz maite zaitut, gabon.

-Gaboooon.

Eta horrela pasatzen ziren egunak, eta udaberriko egun batean ere hantxe aurkitu zuten haien burua; solasean, barrenak husten.

-Behiaaaa, triste nago; gaur Akerren Olinpiadak ospatu dira, eta mendi baten puntatik bertzera aritu dira saltoka. Eta ez didate parte hartzen utzi. Erraten dutenez ipurdi loooodiegia omen dut saltoka ibiltzeko.

Horrelakoetan, behiak berak zekien muxu luze eta goxo horietako bat ematen zion.

-Bada niretzako, akerra, onena zara. Zuk egiten dituzu saltorik politenak, eta zure ipurdi haundi horrekin mendiko puntarik ilunenak ere argitzen dituzu. Niretzako, akerra, ilargia bezalakoa zara; gauean behar dudan argia.

-Bueeeeno behia, lotarako ordua da.

-Bai, bihar arte, ene azukre koxkorra. Muuuuua.

-Gaboooon.

Eta hurrengo egunean, berdin:

 

-Akerra, akerra! Maiteminduta nagoela konturatu naiz! Nola ez nintzen lehenago ohartu? Gaur, zezena baserritik eraman dute eta bere falta sumatzen dudala ohartu naiz … Gainera, kamioira sartzen ari zirela begi bat kliskatu didala uste dut!

-Eta nora eraman dute bada, zezena?

-Ez dakit, akerra … Aditu dudanez, festaren batera joan omen da. Etortzen denerako, dena prestatuta daukat: beregana joan eta erranen diot bera dela nire bizitzako amodioa. Eta kantatu eginen diot: muuuuu.

-Beeeeeehia, lotarako ordua dela uste dut …

-Maitia, amets polit-politak egin ditzazula.

-Gabooon.

Horrela, urteak pasa ziren, gauero elkarrekin solastu ondotik elkar agurtzen zuten. Behia beti zegoen hitz goxoz beteta:

-Gabon laztana.

-Gaboooon.

-Gabon, bihotza.

-Gaboooon.

-Gabon, ene muuuuundua.

-Gaboooon.

-Gabon, ene zeruko izarra.

-Gaboooon.

 

Baino gau batean, elkarren ondoan jarri eta ez zuten solasteko beharrik eduki, eta orduan behia konturatu zen:

-Gabon akerra, ez dakit zer eginen nukeen zu gabe, zure laguntasunik gabe.

Eta akerrak, beti bezala erran zion:

-Gabooon.

Eta behiak orduan erantzun:

-Mila esker.

“Maite zaitut” erraten dutenei eskainia, erraten ez dutenei, sentitzen dutenei, eta batez ere, Iratiri; sekula erran gabe gauero “maite zaitut” errateagatik. Nik ere maite zaitut Irati.


Marrazkia: Olaia Andueza Ruiz