Egunero bezala, iratzargailuak jo aurretik esnatu zen Maitane, gosaria prestatu eta bere nebarengana joan zen.
Begiak maite zituen neskatoak, kolore eta forma guztietakoak gainera, askok begiekin obsesioa zuela esaten zuten, baina berari berdin zitzaion. Orduak pasatzen zituen jendearen begietara begira, begiak mundua ulertzen laguntzen gaituzte, bizitza goxatzen … esaten zuen beti.
Baina bazeuden begi batzuk, begi berezi batzuk, eta horiek maite zituen munduan gehien, bere anaiaren begiak, Unaxenak. Izan ere, Unaxek begi asko zituen, anitzak … eskuekin kurbak ikusten zituen, ehundurak, belarriekin koloreak, sentimenduak … Eta bihotzarekin mundua. Bai, Unax itxua zen, edo Maitanek esango zuen bezala, heroi bat, izan ere, begiekin ikusi ezin zuen guztia beste zentzumenekin ikusten zuen, mundua bere egiten zuen.
Goizero, gosaldu eta komunera joaten ziren, Maitanek bere begiak garbitzen zizkion (eskuak) goxok, punta bakoitza, kurba bakoitza, laztanez laztan eta ondotik kalera joaten ziren, egunero leku ezberdin batera.
Pasioan zeudela, Maitanek mundua nola ikusten zuen kontatzen zion, zer kolore zituen jaio berria zen egunak. Eta egun hartan aspaldiko partez hondartzara joan ziren, oinak arez estali eta itsasoari begira geratu ziren.
Eta betiko errituala hasi zen
- Ondarrun gaude Unax, azkenean hondartzan …
- Faltan botatzen nuen.
- Badakit- Maitanek goxoki begiratu zuen anaia eta besarkatu egin zuen ondotik, ezkerreko eskuaz – Eta gaur, zer nahi duzu deskribatzea maitia?
- Urdin kolorea.
- Berriz? Hondartzara gatozen aldiro berdina eskatzen didazu! Dagoeneko buruz jakingo dituzu nire hitzak …
Momentu horretan, Unaxek burua Maitaneren sorbaldan emeki erortzen utzi zuen eta belarrira esan zion:
-Mesedez Maitane, gaur bakarrik …
-Ongi da Unax …
Momentu horretan Maitanek besoekin besarkatu zituen bere hankak eta itsasora begira, hitz egiten hasi zen:
- Urdina, urdinak badu hotzetik, badu bustitik, egun ilunen isla bakar bat izan daiteke, antzu gelditu zen egunaren seme utopikoa. Hotza da urdina, egun izoztuetan, baina beroa ere izan daiteke, itsasoaren freskotasunaren adierazle, izerdi tantak gorputza laztantzen dizun egun horietan.
Urdina, esperantza da arrantzaleen emazteentzat, etxera datorren itsasontzia agertuko den marra infinitua baita. Arrantzaleen etxerako bueltako bidea, herrirako buelta, edo deserrirantz daraman kolorea.
Urdina ez da kolore gordina, ezpain hotzek askotan urdin zaporea dute, badu nahi eta ezinetik zerbait, faltan botatzen duzula sentitzean, gorrotoa agertzen da zure zainetatik barna ziztu bizian, berekiko urruntasuna batzuetan, baina beharra aldi berean.
Baina ez egin kasu gehiegi, zerua urdin balego, guzti hau ahaztu beharko zenuke agian.
Momentu horretan, Unax Maitanerengana hurbildu eta belarrira esan zion:
- Urdina probatu nahi dut …
Neskari irribarre txiki bat atera zitzaion orduan, eta anaiaren aurpegia esku artean goxoki hartuz, bereak bakarrik ziren muxu hotz eta goxo horietako bat eman zion ezpainetan anaiari.
- Goazen txiki, berandutuko zaigu bestela!
- Maitane, uste dut argi dudala, urdina da nire kolore gustukoena.
Zutik jarri ziren biak, Maitanek azken aldiz begiratu zuen itsasoa, eta kotxerantz abiatu zen, irribarre bat ahoan marraztua zuela, Unaxi eskutik helduta.